XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

BATITA - Hori ez. A, hori ez! KATALIN - Ba dugu zenbait-zenbait urrats eginik geure landa eta pentze patarretan!

BATITA - Bai. Genuen lur peza izpia, irauli, ontu, landu eta; erein haziak ematen zigun urtekoa... doi doia, eta hori guretzat aski...

KATALIN - Aski zitzaigun bai... beharrik xuhurrak ginen!

BATITA - Eta berrogoi urtez lanean karraskan ari izan ondoan, gure etxaldea azkartzen eta zabaltzen ikusteko partez, gure etxaldea intzirika-intzirika hasi da gero eta gorago; hori entzutean eta ikustean zer gertatzen zitzaigun, beldurrak hartu nau baina ez dut segidan amor eman. Oroit zaitez... hortzez eta haginez lotu gara eta bermatu, egiten ahal genituen guztiak egin ditugu, baina gero eta garbiago senditzen nuen debaldetan zela eta hondatzera gindoazela. Murruak non-nahitik arrailduak eta makurtzen ari, teilatu puska bat lurrera joana eta itaizurak oheraino...Alta anitz urtez, betatxu eta betatxu ezartzetik ez naiz gelditu, baina betatxuekin ez bait da inoiz berririk egiten...

KATALIN - Ba dakit Batita, ba dakit.

BATITA - Tipiak ginen, biziki tipiak eta ez gara aski goiz ohartu...

KATALIN - Ohartu, ohartu, ohartzea ez zen aski... mugitu behar zen. Baina, gaur-egun ihardukitzeko behar diren ahalak non genituen? Non?

BATITA - Berrogei urtez lanean karraskan ari izan ondoan, etxaldea azkartzen eta zabaltzen ikusteko partez...

KATALIN - Urteak jin, urteak joan, tipiagotu da oraino!

BATITA - Eta auzokoak, gu laguntzeko partez, gure ehorzten ari izan dira. Haiek aberatsak ziren, aberatsak, eta haundinahiak... Genuen poxia ere kendu digute.

KATALIN - Ez genuen hori merezi! Ez genuen hori merezi!

BATITA - Ez segur! Begira iezaiozu ene kopetari, arroilaz betea da.

KATTALIN - Begira iezaiezu ene eskuei, ez dute gehiago esku itxurarik...